Argitalpen-data: 2016/06/29

Adobek sektorea batzen du hodeian oinarritutako sinadura digitaletarako estandar irekia bultzatzeko.

Sektoreko partzuergo berri batek bide berriak irekitzen ditu telefonia mugikorrerako eta Interneterako sinadura digital irekian.

Adobe

2016ko uztailaren 1ean Europako sinadura elektronikoaren erregelamendu berri bat jarriko da indarrean eta bidea urratuko du sinadura digital seguruak globalki hartzeko. Sinadura digitalak erabat hedatuko dituen zedarri horrekin bat, Adobek (Nasdaq: ADBE) Hodeiko Sinaduren Partzuergoa (Cloud Signature Consortium) aurkeztu du gaur, erakunde akademiko eta sektoreko erakunde nagusiek osatutako taldea, telefonia mugikorrean eta Interneten hodeian oinarritutako sinadura digitaletarako estandar ireki berri bat sortzeko konpromisoarekin, pertsona orok aukera izan dezan dokumentuak edozein lekutatik digitalki sinatzeko.

 

Mundu osoko enpresa eta gobernuek erabiltzen duten sinadura elektroniko aurreratu eta seguruena da sinadura digitala. Alabaina, estandarrak betetzen dituzten sinadura digitalak erabiltzea prozesu gogaikarria eta motela izan daiteke gaur egun, pertsonak ordenagailuaren aurrean denbora luzez edukitzen dituena. Askotan, ziurtagirietan islatuta eta gailu fisiko batean gordeta —USB gailu batean edo txartel adimendun batean, esaterako— dauden identifikazioak behar izaten dituzte. Metodo horrek ez ditu betetzen negozioen eta kontsumitzaileen itxaropen gero eta handiagoak, edozein lekutan eta edozein gailutan funtzionatzen duten esperientzia errazak eta erakargarriak bilatzen dituzte-eta.

 

Eta hodeian oinarritutako sinadura digitaleko soluzio batzuk badaude ere, patentatuta daude eta erabat zatikatuta, hainbat ziurtagiri-hornitzaile eskaintzen dituen metodo irekia izan beharrean. Adobe, partzuergo berriaren buru eta kide fundatzailea, sektoreko liderrekin lankidetzan ari da planeta osoko 7.000 gailu mugikorri baino gehiagori munduko sinadura elektroniko seguruena eskainiko dien estandar irekia garatzeko.

 

“Adoberen historiak PDF bezalako estandar industrialetan aitzin-aitzinean egotea du bereizgarri. Estandar irekien alde egiten dugu, eta, halakorik ez badago, sortzen laguntzen dugu”, adierazi du Bryan Lamkin jaunak, Adobe Digital Mediako lehendakariorde exekutibo eta zuzendari nagusiak. “Urtero 6.000 milioi transakzio baino gehiago prozesatzen dira sinadura digitalarekin Adobe Sign eta Adobe Document Cloud-en bidez, eta sinaduren industriari aurrerapenak eskaintzea da gure helburua. Gaur egun, Hodeiko Sinaduren Partzuergoarekin lankidetzan, harrotasunez iragartzen dugu hodeiko sinadura digitaletarako estandar irekia”.

 

Zergatik behar da estandar irekia?

 

Partzuergoak sortu duen estandar berria funtsezkoa izango da negozioen transformazio digitala eskala globalean sustatzeko, pertsona eta erakunde guztiei emango baitie aukera hodeiko eta gailu mugikorretako aplikazio sorta zabalean sinadura digitaleko soluzio seguruak erabiltzeko. Inplementatzen denean, estandarrak mesede egingo die sinatzailea identifikatzea ezinbestekoa duten prozesuei. Mesedegarria izango da, esaterako, enpresa-lizentziak edo ezkontza-lizentziak eta Gizarte Segurantzaren prestazioak eskatzeko edo mailegu handiak sinatzeko. Hodeiko Sinaduren Partzuergoak lehen batean Europar Batasunean jardungo badu ere, sektoreko kolaboratzaileen sare globala sortzea eta 2016ko amaiera aldera estandarraren zehaztapen berriak abiaraztea da asmoa. Hodeian oinarritutako lehen inplementazioak geroxeago egingo lirateke. Partzuergoak Identifikazio Elektronikoari eta Konfiantzako Zerbitzuei buruzko Europako Erregelamenduaren (eIDAS) eskakizun nagusiak betetzeko premia izan du inspirazio-oinarri, baina inpaktua globala izatea aurreikusten da, soluzio digital oso seguruen eskaria gero eta handiagoa da-eta.

 

“Adobek arrakastaz betetako historia luzea du estandar irekiak ezartzen laguntzen eta haiek hartzea bultzatzen”, adierazi du Melissa Webster andreak, IDCko baliabide digitalen eduki eta teknologietako lehendakariordeak.  “Hodeian oinarritutako sinadura digitaletan zentratutako estandar irekiak, konpainiei denbora eta baliabideak aurrezten lagundu ez ezik, azken batean sektorea aurrerantz eramango du guztion mesederako izango diren jardunbide hobeei esker”.

Adobez gain, hauek dira hodeian oinarritutako sinadura digitalen Europako hornitzaileak, konfiantzako zerbitzuen hornitzaileak eta estandarretan eta segurtasunean diharduten akademikoak eta erakundeak biltzen dituen Hodeiko Sinaduren Partzuergoaren hasierako kideak:

Asseco Data Systems – Poland

Bundesdruckerei / D-Trust – Germany

Cryptolog / Universign – France

Docapost / Certinomis – France

InfoCert – Italy

Intarsys Consulting – Germany

Intesi Group – Italy

Izenpe – Spain

SafeLayer – Spain

SwissSign – Switzerland

Technische Universitat Graz – Austria

Unibridge – Norway

 

Adobe Document Cloud-i buruz

Document Cloud-en nukleo zentralean daude Acrobat DC, munduko PDF soluziorik onena; Adobe Sign, sinadura elektronikoko soluzio nagusia, pertsona orori edozein gailutatik elektronikoki sinatzeko eta dokumentuak bidaltzeko aukera ematen diona; eta ahalmen handiko app mugikor osagarriak. Urtero 6.000 milioi transakzio baino gehiago prozesatzen dira sinadura elektroniko eta digitalarekin Document Cloud-en bitartez. Hor AmerisourceBergen, Diners Club, JLL, The Royal Bank of Scotland eta Verizon bezalako negozio globalek esku hartzen dute, sinadura elektroniko mugikor, seguru eta bizkorretarako Document Cloud eta Adobe Sign-en konfiantza dutenak. Adobe Sign, Acrobat DC eta Acrobat Reader-ek aukera ematen dute eIDASen eskakizunak betetzen dituzten sinadura digitalak egiteko. Izan ere, Adobe izan zen, Europar Batasunak egiaztatutako autoritate ziurtagiri-emaileen bitartez dokumentuak balidatzeko eta sinatzeko euskarria emateko asmoz, Europako Konfiantza Zerrendetarako (EUTL) euskarria gehitu zuen lehen software-hornitzaile handia.

Akreditazioak

  • ETSI TS 101456
  • ETSI TS 102042
  •  ETSI TS 102023
  • Certificado Aenor 27001
  • ETSI MEMBER
  • Reconocimiento a la igualdad Emakunde
  • Bikain, Euskararen Kalitate Ziurtagiria