Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2024ko uztailaren 3koa, Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiarena, Gaztemundu programaren 2024. urteko ediziorako deia egiten duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Lehendakaritza
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 135
  • Hurrenkera-zk.: 3359
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2024/07/03
  • Argitaratze-data: 2024/07/10

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta Administrazio Publikoa; Instituzional

Testu legala

170/2023 Dekretuak, azaroaren 14koak, Gaztemundu programa arautzen du (Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 227. zenbakia, 2023ko azaroaren 28koa, asteartea). Programa horren bitartez, Euskal Etxeetako gazteek egonaldia egingo dute Euskadin, Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak finantzaturik, gaurko errealitatera hurbil daitezen. Dekretu horren 8. artikuluak ezarritakoaren arabera, bidezkoa da 2024ko ekitaldirako laguntzetarako deia egitea.

Deialdi hau Lehendakaritzaren 2024-2027 aldirako Dirulaguntzen Lau Urteko Plan Estrategikoan sartzen da (Ebazpena, 2024ko otsailaren 12koa, Koordinazio eta Gizarte Komunikazioko idazkari nagusiarena). Plan hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren helbidean argitaratuta dago (https://www.euskadi.eus/proiektua/lehendakaritzaren-2024ko-diru-laguntzen-plan-estrategikoa/web01-s2lehen/eu/) eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura finantzatuko da. Gaztemundu programak, gainera, kanpoan den euskal komunitatea indartzen laguntzen du, Lehendakaritzaren 2024-2027 Dirulaguntzen Lau Urteko Plan Estrategikoan jasotako helburu estrategikoetako bat baita.

Hori dela eta, honako hau

Gaztemundu programarako deia egitea, 70.000 euroko zenbatekoarekin, Euskal Etxeetako gazteek 2024ko egonaldia egin dezaten Euskadin. Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legean xedatutakoa betetzen du deialdi honek, eta eranskin bakarrean jaso dira horretarako onartu diren oinarriak.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen honek amaitu egiten du administrazio-bidea. Beraz, ebazpenaren aurka egiteko, berraztertze-errekurtsoa jar dakioke ebazpena eman duen organoari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien epaitegian, bi hileko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko uztailaren 3a.

Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia,

MARIA ÁNGELES ELORZA ZUBIRIA.

Lehenengoa. Xedea.

  1. Oinarri hauen xedea Gaztemundu programarako deia egitea da, programa hori arautzen duen azaroaren 14ko 170/2023 Dekretuaren 4. artikuluan ezarritako eskakizunak betetzen dituzten gazteek egonaldia egin dezaten Euskadin 2024ko irailaren 15etik 29ra (2023ko azaroaren 28ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 227. zk.).

  2. Gaztemundu programaren aurtengo gaia «euskal dantza tradizionala» da. Helburua da programak, oro har, Euskal Diasporako gazteak euskal dantzen irakaskuntzan trebatu ahal izatea eta horrek Euskal Etxeen funtzionamenduan eragin positiboa izatea.

  3. Edizio honetan 15 egonaldi eskainiko dira gehienez.

    Bigarrena. Hartzaileak.

  1. Hartzaileek Gaztemundu programa arautzen duen Dekretuaren 4. artikuluan eskatzen diren baldintzak bete beharko dituzte.

  2. Artikulu horretako d) betekizuna honela egiaztatuko da:

    1. Euskal Etxe bateko euskal dantza tradizionalen talde baten jarduneko irakasle edo arduradun dela egiaztatzen duten agiriak.

    2. Euskal dantza tradizionalen irakaskuntzan ezagutzak egiaztatzea, 3 eta 5 minutu bitarteko iraupena duen bideo bat aurkeztuz. Bideo horretan, euskal folklore tradizionalaren dantza-eskola bat ematen erakutsiko da hautagaia.

      Bi egiaztapen-bide horiek metagarriak dira, hau da, bi baldintzak egiaztatu behar dira, eta ez da nahikoa baldintza horietako bat egiaztatzea.

      Hirugarrena. Zenbatekoa.

      2024an, Gaztemundu prestakuntza-programara 70.000 euro bideratu dira guztira, eta Euskal Autonomia Erkidegoko 2024ko aurrekontuetan berariaz ezarritako aurrekontu-kredituetatik dator zenbateko hori.

      Laugarrena. Eskabideak aurkezteko epea, modua eta lekua.

      1. Interesdunek berek aurkeztu ahal izango dituzte hautagaitzak, edo, bestela, Euskal Etxe baten edo beste ordezkari baten bitartez, haiei ordezkaritza emanda. Zuzenbidean baliozko den edozein bitartekoren bidez egiaztatu ahal izango da ordezkaritza, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluan ezarritakoaren arabera.

        Ordezkaritza deialdi-ebazpen honen II. eranskineko III. dokumentuko ereduaren arabera formalizatu ahal izango da. Eredu hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren helbide honetan dago eskuragarri: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/eskabidea/borondatezko-legezko-ordezkaritza-egilestea-inprimaki-normaldua/

      2. Pertsonalki edo Euskal Etxea ez den beste ordezkaritza baten bidez egindako eskabideak Lehendakaritzan aurkeztuko dira, Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusian Nafarroa kalea 2, 01007 Vitoria-Gasteiz, II. eranskinean (I. dokumentua) eskuragarri dagoen ereduaren arabera. Interesdunek eskuragarri izango dute www.euskadi.eus/euskaldunak webgunean, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako edozein modutan.

      3. Euskal Etxeek modu telematikoan aurkeztuko dituzte eskabideak, https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0073504 helbidean, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren egoitza elektronikoan dauden inprimakiak eta ereduak kontuan hartuta eta bertan ezarritako jarraibideei jarraituz.

      4. Administrazio-prozeduraren informazio-fitxaren bidez sartzen da eskabide-formularioan, eta fitxa horretan daude izapideak egiteko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak. Helbide honetan dago: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0073504

      5. Hautagaitzak aurkezteko eta ondorengo izapide guztiak egiteko, Euskal Etxeek BAK doako identifikazio- eta sinadura elektronikoko sistema erabili beharko dute. Sistema hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan dago eskuragarri, helbide honetan: https://www.izenpe.eus/bak-herritarrentzako-sinadura-eta-identifikazioa/webize00-cnciudadania/eu/

      6. Dekretu arautzailearen 9. artikuluaren arabera, eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira hautagai bakoitzarentzat:

        1. Pasaportearen edo nortasun-agiriaren kopia, adina eta bizilekua egiaztatzeko.

        2. Euskal Etxeak emandako ziurtagiria, eskatzailearen bazkidetza egiaztatzeko, hau da, ofizialki aintzatetsitako eta Euskal Etxeen Erregistroan inskribaturiko Euskal Etxe bateko bazkide dela deialdia argitaratu baino hiru urte lehenagotik, gutxienez.

        3. Euskal Etxearen txostena, erantzukizun-eremuetan pertsonak duen parte-hartze mailari buruzkoa.

        4. Deialdian proposatutako gaiari buruzko azterketa- edo analisi-lana.

          2024ko deialdiaren gaia «euskal dantza tradizionala» izanik, eskaera-inprimakian 3 eta 5 minutu bitarteko iraupena duen bideoaren esteka jarriko da. Bideo horretan, hautagaiak euskal dantza tradizionalen ezagutzak egiaztatu beharko ditu, euskal folklore tradizionaleko dantza-eskola bat emanez. Horretarako, Youtube kanala erabili beharko da, hemen eskuragarri dagoena: https://www.youtube.com/. Bideoa grabatu ondoren, Youtube kanalera igoko da, eta modu «ezkutuan» konfiguratuko da ikusteko, hau da, bideoaren esteka baliatuz bakarrik ikusi ahal izateko. Bideoaren esteka hori eskaera-inprimakian sartuko da.

        5. Euskal Etxe bateko euskal dantza tradizionalen talde bateko jarduneko irakasle edo arduradun dela egiaztatzen duen agiria.

        6. Euskaren ezagutzaren egiaztagiria.

        7. Programa osoan parte hartzeko hautagaiaren erantzukizunpeko adierazpena, bai eta parte hartzetik erator daitezkeen erantzukizunak bere gain hartzekoa ere, hargatik eragotzi gabe Euskal Autonomia Erkidegoko funts publikoekin finantzatutako programa batean parte hartzearen ondorioz izan ditzaketen beste erantzukizun batzuk.

          Hautagaiak aurkeztu beharreko erantzukizunpeko adierazpenaren eredua ebazpen honen II. eranskinean dago (III. Dokumentua), eta helbide honetan egongo da eskuragarri: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/

          Eskabide-inprimakia, erantzukizunpeko adierazpena eta ordezkaritza-ematea hautagaiak izenpetu beharko ditu.

      7. Hautagaitzak, eskatutako dokumentazioarekin batera, entitate eskatzaileak aukeratzen duen Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dira. Halaber, prozeduratik eratorritako jardueretan, entitate eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.

      8. Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, oinarri arautzaileen deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.4 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

        Bosgarrena. Ebaluazio-batzordea.

        Azaroaren 14ko 170/2023 Dekretuaren 11. artikuluan aurreikusitako ebaluazio-batzordeak kide hauek izango ditu:

        Gorka Álvarez Aranburu jauna, Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendaria, batzordeburua.

        José Manuel Meaurio Antón jauna, Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiko teknikaria, bokala.

        Benan Oregi Iñurrieta jauna, Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiko teknikaria, bokala.

        Ibone Erkoreka Aretxaga andrea, Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetarako Idazkaritzakoa, batzordeko idazkaria.

        Seigarrena. Prozedura kudeatzea eta ebaztea.

        Laguntzak kudeatzeko organo eskuduna Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritza izango da, laguntzak arautzen dituen Dekretuaren 7. artikuluaren arabera.

        Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak ebatziko du Gaztemundu programaren deialdia, instrukzio-organoak egindako ebazpen-proposamena kontuan izanda.

        Zazpigarrena. Balorazio-irizpideak.

      1. Ebaluazio-batzordeak aurkeztu diren hautagaitzak baloratuko ditu, Gaztemundu programa arautzen duen Dekretuaren 6. artikuluan ezarritako balorazio-irizpideen arabera.

      2. Aipatutako 6. artikuluko a) irizpidea aurkeztutako azterketa- edo analisi-lanaren kalitatea gehienez 40 punturekin baloratuko da, baremo honen arabera:

        1. Eskatzaileak aukeratu duen dantzari buruzko ezagutza (10 puntu, gehienez).

        2. Dantzatzeko duen gaitasuna eta dantzaren esanahia azaltzekoa (15 puntu, gehienez).

        3. Dantzaren exekuzioa irakasterakoan frogatzen duen ezagutza pedagogikoa (15 puntu, gehienez).

          Zortzigarrena. Ebazpena jakinaraztea.

          Dekretu arautzailearen 12. artikuluarekin bat etorriz, hautaketa-ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuz jakinaraziko da, bai eta egoitza elektronikoko «Nire karpeta» zerbitzuaren bidez ere parte hartzen duten Euskal Etxe guztiei. Bertan, programan parte hartzeko hautatutako hautagaien zerrenda, izendatutako ordezkoen zerrenda halakorik balego eta hautatu gabeko pertsonen zerrenda jasoko dira.

          Gaztemundu programako hautagaiak hautatzeko ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, sei hilabeteko epean, urteko deialdiaren ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe horretan berariazko ebazpenik jakinarazten ez bada, hautagaitza ezetsitzat jo ahal izango da, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

          Hautagai-zerrendak hautatzeko ebazpenak amaiera emango dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio egintza eman zuen organoari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluekin bat etorriz; edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean ezarritako eskumen-araubidearen arabera.

          Bederatzigarrena. Ez-betetzeak.

          Onuradunek Gaztemundu programa arautzen duen azaroaren 14ko 170/2023 Dekretuan ezarritako baldintzak eta betebeharrak betetzen ez badituzte, programan parte hartzeko eskubidea galduko dute, eta, hala badagokio, sortutako gastuen zenbatekoa eta dirulaguntzak itzultzeagatik dagozkien berandutze-interesak itzuli beharko dizkiote Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen III. tituluan itzulketari buruz araututakoa kontuan hartuta.

          Betebehar horiek ez betetzea, dagokion zehapen-espedientea izapidetu ondoren, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 44. artikuluan araututako arau-haustetzat jo ahal izango da.

          Hamargarrena. Datu pertsonalen babesa.

          Gaztemundu 2024 programa dela-eta bildutako datu pertsonalak erabili egingo dira, eta tratamendu-jarduera honi erantsiko zaizkio: Kanpoan den euskal komunitateari Laguntzak eta dirulaguntzak.

          Arduraduna: Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritza, Lehendakaritza.

          Helburua: Kanpoan den euskal komunitateetako pertsonei edo eskabidea egiten dutenei laguntzak eta dirulaguntzak ematea.

          Legitimazioa:

          Tratamendua beharrezkoa da lege-betebeharrak betetzeko.

          Tratamendua beharrezkoa da misio bat betetzeko, zeina egiten baita interes publikoaren izenean, edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoak egikaritzeko.

          Hartzaileak:

          Euskal Etxeak.

          Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila.

          Eskubideak: Datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea duzu, baita informazio gehigarrian jasotzen diren bestelako eskubide batzuk ere.

          Informazio osagarria: Gure web-orrian kontsulta dezakezu Datuen Babesari buruzko informazio gehigarri eta zehaztua:

          www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/062400-capa2-eu.shtml

          Araudia:

          Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorra: www.euskadi.eus/contenidos/informacion/normativa_dpd/eu_def/adjuntos/RGPD-2016_0679_eu.pdf

          3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa: www.boe.es/boe_euskera/dias/2018/12/06/pdfs/BOE-A-2018-16673-E.pdf

          (Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik